Birmanufaktura: zirkulartasuna negozio-aukera erreal bihurtzea
Eredu jasangarriagoetara aurrera egiteak ez du beti eraldaketa teknologiko handiak eskatzen. Batzuetan, aukera dagoeneko duguna hobeto aprobetxatzean datza. Birrmanufakturak ikuspegi horri erantzuten dio: erabilitako produktuak berreskuratu, berriz egokitu eta merkatura bermeekin itzultzea, balio ekonomikoa eta ingurumen‑balioa sortuz.
Bidean enpresei laguntzeko, Ihobek Birmanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktikoa argitaratu du; jarduera honi heltzeko moduan jauzi bat ematea eta negozio‑lerro egituratu eta lehiakor bihurtzea helburu duen gida.
Gidak izaera nabarmen praktikoa du. Ibilbide bat proposatzen du, erakunde bakoitzari bere egoera aztertzeko eta nola aurrera egin definitzeko aukera emanez, elementu operatiboak landuta: prozesua nola diseinatu, kalitatea nola kontrolatu, osagaiak nola kudeatu edo etengabeko hobekuntzako dinamikak nola txertatu. Azken batean, ideiatik inplementaziora igarotzeko tresna da.
Enpresa‑ikuspegitik, potentziala argia da. Birmanufakturak material‑kostuak murriztea, lehendik dauden aktiboak hobeto aprobetxatzea eta diru‑sarrera bide berriak sortzea ahalbidetzen du. Gainera, bat dator bezeroek eta balio‑kateek gero eta gehiago eskatzen dutenarekin: irtenbide jasangarriagoak, trazagarriak eta efizienteak. Ez da soilik betetzea; bereiztea eta hobeto lehiatzea ere bada.
Onura zuzenetatik harago, birmanufakturak aukera zabalago bat irekitzen du: ekoizpen eredua efizientzia eta erresilientzia ikuspegitik berriz pentsatzea. Txertatzea ez da soilik ingurumenari lotutako erabaki bat; baliabideak optimizatzeko, zerbitzuetan berritzeko eta gero eta garrantzitsuagoa den "gutxiagorekin gehiago egitea" eskatzen duen testuingurura egokitzeko modu bat da.
Testuinguru honetan, Ihoberen eskuliburua bezalako tresnek bidea errazten dute. Gakoa lehen urratsa ematea da eta erakunde bakoitzean dauden aukerak identifikatzen hastea. Izan ere, ekonomia zirkularrak ez du soilik inpaktua murriztea bilatzen, baizik eta enpresentzat balio‑aukera berriak sortzea.
Eskuliburu osoa hemen eskuratu dezakezu:
Birmanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktikoa – Ihobe
Eibarko Udalak sustatutako programa:


