Eibarko Industrien Ekosareak 2026ko edizioa itxi du 11 industria-enpresatan egindako 33 jarduketarekin

05/11/2026

Eibarko Udalak bultzatutako programak tokiko industriaren ingurumen- eta energia-hobekuntza sustatu du. Edizio honen laburpen-bideoa eta informazio-liburuxka eskuragarri daude dagoeneko webgune honetan.

Eibarko Industrien Ekosarea programak 2026ko edizioa amaitu du, Eibarko 11 industria-enpresarekin batera garatutako 33 jardueren balantzearekin. Ekimena Eibarko Udalaren Garapen Ekonomia, Enplegua eta Berrikuntza Sailak eta Ingurumen Sailak sustatu dute, eta bere helburua tokiko industria-sarearen lehiakortasuna indartzea da, jasangarritasun-irizpideak txertatuz eta ingurumen- zein energia-hobekuntzako neurriak sustatuz.

ONDOAN izan da programaren aholkularitza teknikoaren arduraduna. Parte hartu duten enpresei lagundu die hobekuntza-aukerak identifikatzen eta ekoizpen-eredu eraginkorrago eta jasangarriagotara hurbiltzeko konponbideak bilatzen.

Edizio honetako jarduketek energia eta ingurumen kudeaketaren hainbat arlo jorratu dituzte: ingurumen-legedia betetzea, karbono-aztarna murriztea, energia-eraginkortasuna handitzea eta inbertsio berderako aukerak identifikatzea. Lan-ildo horiei esker, kontsumoak optimizatzeko, emisioak eta lotutako kostuak murrizteko eta finantzaketa- nahiz laguntza-aukera berriak identifikatzeko neurriak detektatu ahal izan dira.


Informazioa eta ezagutza industriaren zerbitzura

Aholkularitza espezializatuaz gain, Eibarko Industrien Ekosareak informazio eta sentsibilizazio ekintzak ere garatu ditu, ezagutzaren eskuragarritasuna errazteko eta jasangarritasuna enpresa-kudeaketan txertatzea sustatzeko.

Programaren webgunean egindako jarduketei buruzko albisteak argitaratu dira, enpresek sustatutako hobekuntza ekimenei ikusgarritasuna emanez. Horrez gain, hainbat webinar antolatu dira, enpresa-jasangarritasunari eta energia-ingurumen kudeaketari lotutako gaietan informazioa eta esperientziak partekatzeko.

2026ko edizioari amaiera emateko, programaren eduki eta emaitza nagusiak biltzen dituen laburpen-bideo bat eta liburuxka informatibo bat prestatu dira. Bi materialak dagokien esteken bidez kontsulta daitezke.

YOUTUBEko BIDEOA

INFORMAZIO LIBURUXKA


Jasangarritasuna, lehiakortasunerako bultzagile

Edizio honen amaierak berretsi egiten du Eibarko Udalak industria-sareari energia- eta ingurumen-trantsizioaren erronken aurrean laguntza emateko duen konpromisoa. Horrelako ekimenen bidez, enpresek aholkularitza tekniko espezializatua jaso dezakete, hobekuntza-aukerak identifikatu eta araudiaren zein merkatuaren eskakizun berriei erantzuteko prestatu.

Parte-hartzearen balantzeak eta garatutako jarduketek agerian uzten dute administrazio publikoaren eta enpresen arteko lankidetzaren balioa, industria eraginkorrago, arduratsuago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko.

Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten enpresei, programa garatzeko funtsezkoa izan baita haien inplikazioa eta lankidetza. Prozesuak aztertzeko eta hobekuntza-aukera berriak identifikatzeko erakutsi duten prestutasunak industria-eredu jasangarriago bat sustatzen laguntzen du, eta ingurumen eta energia irizpideak enpresa jardueran txertatzearen garrantzia indartzen du.



Eibarko Udalak sustatutako programa:

Share