2026ko edizioan ‘Eibarko Industrien Ekosarea’ programan 11 enpresak parte hartzen dute

25/02/2026

Guztira 11 enpresak parte hartzen dute 'Eibarko Industrien Ekosarea' programaren bigarren edizioan. Denen artean, 17 zerbitzu eskatu dituzte, eta karbono-aztarnaren kalkuluari lotutako zerbitzua izan da arrakastatsuena, 6 eskaera jaso baititu.

5 enpresak energia-eraginkortasuna hobetzeari lotutako jarduerak egingo dituzte, 4k inbertsio berdea finantzatzeko aukeren inguruan lan egingo dute eta, azkenik, 2 industriak indarrean dagoen ingurumen-legeriarekiko egokitasun maila neurtu eta hobetuko dute.

Aholkularitza teknikoaren kalitatea bermatzeko, ONDOANek espezialista bat izendatu du zerbitzu bakoitzaren ezarpenean laguntzeko, hala jarraipen hurbil, pertsonalizatu eta erakunde bakoitzaren beharretara egokitutakoa eskainiko da.

Lanak martxoan hasiko dira, izen-emate prozesua otsailaren 6an amaitu ondoren, eta beranduenez irailean bukatzea aurreikusten da.

'Eibarko Industrien Ekosarea' programaren helburua da ekoizpen-eredu eraginkorrago eta jasangarriago baterako trantsizioan laguntzea, eta egungo eta etorkizuneko ingurumen-eskakizunekin lerrokatzea. Eibar hiriko industria-enpresei zuzenduta dago, jasangarritasunarekin konprometituta daudenei, eta helburua du udalerriko industria-sarearen lehiakortasuna handitzea, haien energia- eta ingurumen-errendimendua hobetuz.

Helburu horiek lortzeko, programak lau zerbitzu eskaintzen ditu doan, industria-enpresek gaur egun energia- eta ingurumen-arloko erronkei aurre egiteko: ingurumen-diagnostikoa, karbono-aztarnaren murrizketa, energia-eraginkortasuna eta inbertsio berdea.

Urtarrilaren 23an webinarren atalean ikus daitekeen web-mintegi bat egin zen programa aurkezteko, eta eskuragarri dauden zerbitzuei buruzko zalantzak argitzeko. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.eibarkoindustrienekosarea.eus programaren orria edo jarri harremanetan ONDOAN enpresarekin (943 771 587; ekosarea@ondoan.com).



Eibarko Udalak sustatutako programa: